Shelter by Aritz Aranburu
“Nire zoria nire pasioa aurkitzea izan da”.
Aritz Aranburu

WCT zirkuitura iritsi den surflari nazional bakarra.
Aritz Aranburu da munduko 32 onenen zirkuitura iritsi den surflari nazional bakarra. Taula batera igo zenetik, sekula imajinatuko ez zituen helburuak betetzen aritu da. Egun, bere pasioa partekatzen du Shelter proiektuaren bidez, surfa pertsona guztientzako irisgarria izan dadin eta gizartean eragin positiboa izan dezan.
Aritz Aranburu: lorpen nagusiak


WCT surflaria (World Championship Tour) TOP 32
Europako txapelduna


Entrenatzaile Olinpikoa Paris 2024an
Nazioarteko 6 garaipen WSL (World Surf League) munduko zirkuituan

Aritz-en historia
Zarauztar izanik, hondartzan pasatzen nituen udak, olatuekin jolasean. Argi neukan nire hirugarren urtebetetzerako oparia zein izan behar den; nire “paipoa” nahi nuen surfean aritzeko, eta ez zegoen hori burutik kentzeko modurik.
Nazioarteko txapelketa antolatzen zen uda amaieran gure hondartzan eta niretzat urteko hitzordurik garrantzitsuena zen. Mundu osoko surflariak lehiatzen ziren astebetez gure hondartzan. Asko miresten nituen, eta haietako bat bihurtzea zen nire ametsa.
Nire aurrezkiak surfeko aldizkarietan eta bideoetan gastatzen nituen. Ikasi nuen Pipeline surfeatuz denen errespetua irabazten zenuela, Tom Curren zela surflari onena eta Kelly Slater izango zela hurrengoa. Baina garrantzitsuena, Zarautz Mundakako eta Hossegorreko olatuen artean zegoela jakitea.
Pixkanaka txapelketetan parte hartzen hasi nintzen, taxilari lanak egiten zituzten gurasoen laguntza handiarekin. Espero baino denbora laburragoan gauzatu zen nire ametsa. Promesentzako Capbreton-go txapelketa mitikoa irabazi nuen tubo on batekin eta orduan, nire hamalau urterekin Quiksilverrek bere taldean sartu ninduen, eta mundu osoan zehar bidaiatzen hasi nintzen. Zarautzen igarotzen nituen egun gehienak Aitor Francesena “Gallo”rekin pasatzen nituen. Ez geneukan informazio askorik, baina proba eta akats bidez WCTra abiatu ginen, munduko 44 surflari onenen zirkuitura.
Zaila da surfa niretzat zer den laburbiltzea. Gauza ezberdin asko imajinatzen ditut. Olatu bila atera eta itsasoan sartu. Tubo bat egin, lagunak beste bat egitea, eta hurrengo olatuak denoi jatea. Bainu osteko ogitartekoak, kresala bekainetan, urradurak edo beste ezer egiteko indarrik ez izatearen sentsazioa… Gauza txiki asko daude, nolabait surfaren parte direnak niretzat. Bizirik sentiarazten naute.
Obsesio bat dela esan liteke, eta agian bada. Baina pertsonalki ez dut gauza txar bezala ikusten. Surfa nire lagunik onena bihurtu zen, itsasoa, nire maisua. Ume zoriontsua izaten lagundu zidan, eta baita gizon zoriontsua ere.